Gaur hasiko da Ikaztegieta, bilketa berriarekin

 

Ikaztegietako Udalak, eskualdean beste bost udalerrik egin bezala, euren herrian ahalik eta gehien birziklatzeko aukera jarri nahi izan dute martxan. Ingurumen, ongizate eta arrazoi ekonomikoak medio, hondakinen kudeaketan aldaketa kualitatibo bat eman, eta etxe guztietan hondakinak ahalik eta gehien sailatzeko baliabideak ematea izan da helburua.

 

Ikaztegietako familia guztiek dute euren etxeetan beharrezko material guztia eta baita sortzaile bereziek ere (komertzio, edaritegi, instalakuntza publikoak…), beraz, guztiak bilketa berriarekin hasteko prest gaude.

Iluntzeko 20:00tik 22:00ra atera beharko dituzte kuboak herritarrek, gaurkoan, papera eta kartoiarekin hasiko garelarik.

Herriguneko biztanleek izango duten funtzionamentutik at, landa ingurukoek, ekarpen guneen bidez bideratuko dituzte euren hondakinak birziklatzera, aurrez etxean, sailkatu ondoren. Hala, Ikaztegietako kasuan bi ekarpen gune prestatu dira, kasu zehatzetan, larrialdi gune bezala ere erabiltzeko aukera izango delarik:

Amaitzeko, gogorarazi nahi dugu, edozein arazoren aurrean infomazio bulegoarekin harremanetan jartzea izango dela hoberena. Bertan, kasuz kasuko soluzioak emango baitira.

Gabon jaiengatik aldaketak atez ateko herrietan

Abenduaren 25 eta urtarrilaren 1a jai egunak dira, eta egun horietan ez da bilketarik izango; beraz, abenduaren 24ean eta 31an ez atera kuboak kalera.

Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean, berriz normaltasuna izango da, eta paperaren kuboak atera beharko ditugu.

24 eta 31an organikoa ezingo denez atera, herritarrek aukera desberdinak iznago dituzte, herriaren arabera:

Villabonan: Errefortzu berezia jarri dute: ontzi arinen eta materia organikoaren edukiontziak jarriko dituzte herritarren eskura, honako egutegi eta lekuetan: Abenduak 24tik 28ra 11:00-17:00 eta Urtarrilak 1etik 4ra 11:00 – 17:00. GUNEAK: Ikastola, Berdura plaza, Arroako rotonda eta Larrea 15-16.

Zizurkilen: 24 eta 31an, ekarpen guneak erabiltzeko aukera izango dute herritarrek, irekita egongo baitira.

Anoetan: ekarpen guneak erabiltzeko aukera, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean, 11:00tik 13:00ra zabalik izango baitira.

Alegian:  Abenduaren  24, 25 eta 31n eta urtarrilaren 1ean, edukiontzi organikoak herritarren erabilerara irekiak egongo dira eskolako eta Bazurkoko ekarpen guneen kanpoan, Kaleberako parkean, udaletxeko plazan eta Larraitz 42an.

Iruran: 24, 25, 31 eta 1ean, 10:00tik 13:00ra ekarpen guneak irekita egongo dira.

Bilketa eredu berria hobetzeko galdetegia

Eredua hobetzeko, parte hartze prozesu bat jarri dugu martxan. Honako galdetegi hau, prozesu honen hasiera izango da. Herritarren balorazio eta proposamenak jasotzeko, galdetegi honetaz gain, kaleko panelak ere erabiliko ditugu, beraz ez isildu eta eman zure iritzia eta proposamenak. Herritarren iritzietatik ondorioak atera ondoren, horiek aztertu eta bilketa sistema hobetzeko lanketa egingo dugu guztion artean, herrian deituko diren bilera batzuen bidez. Horrela, guztion artean, sistema hobetzeko beharrezko diren pausoak identifikatuko ditugu, eta egun dugun eredua perfekzionatzen joango gara.

Denon artean, ondo ari gara eta alde ederra egingo dugu!

(Villabonako herritarren eredua, bigarrena da!)

Loading…

Loading…

Kubo banaketa Ikaztegietan, abenduaren 9, 10 eta 14an

200 kubo sorta banatuko dira guztira datozen egunetan eta etxebizitzetarako sortak 5 kubokoak izango dira: bi kubo marroi (bat txikia eta aireztatua eta bestea handiagoa eta itxia), kubo gris bat, urdin bat eta kubo hori bat. 
 
 Argazkia: Ataria
 
Etxebizitza bakoitzak kubo sorta bakarra jaso dezake, beraz, nahasketarik egon ez dadin, kuboak nork eta zein etxebizitzarako jasotzen dituen erregistratuko da. Komertzio, jatetxe eta edaritegien kasuan, edukiontzien banaketa pertsonalizatua egingo da, bertara joanez.
 
Landa eremuan bizi diren biztanleek ere nahi izatera kuboak jasotzera joan daitezke. Euren hondakinak ekarpen guneetara eraman ahal izateko giltza elektronikoak berriz, Udaletxean jasotzeko aukera izango dute.
 
KUBO BANAKETAREN ORDUTEGIA, POLIKIROLDEGIAN:
 
Abenduak 9 (astelehena) 18:00 – 21:00
Abenduak 10 (asteartea) 10:00 – 14:00
Abenduak 14 (larunbata) 10:00 – 14:00

 

Hondakinen bilketa sistema hobetzeko parte hartze prozesua herritarrekin

Hilabete hauetan zehar pertsona bakoitzak bere esperientzia izan du bilketa eredu berriarekin, eta orain, bizipen hori oinarri hartuta, herritarrekin batera sistema hobetzeko prozesua jarriko dugu martxan. 
 
Ezarketen aurretik aipatu bezala, bi fase izango zituen herritarrekin sistemaren bueltako lanketak. Alde batetik, ezarketaren aurretik eginiko gizarteratze prozesua izan zen. Bertan, herritarrei sistema berriaren nondik norakoak azaldu eta beharrekoz informazio guztia emanez. Eta orain, bigarren fasea dator, hobetze prozesua. 
 

 
Sistema egunerokoan ezagutu ondoren, sistemaz hitz egiteko garaia iritsi zaigulakoan gaude, eta horretan hasiko gara dagoeneko atez ateko bilketa sistema martxan duten 5 herri hauetan. 
 
Herri bakoitzaren beharretara egokitutako prozesua izango da, eta horregatik, aldi desberdinetan eramango da aurrera herri bakoitzean. Lehenengo herria, Anoeta izango da eta jarraian Zizurkil ere hasiko da abenduan zehar. Gainerako herriek, urtarrilean ekingo diotelarik parte hartze prozesu honi. 
 
Hondakinen bilketa sistema berria hobetzeko helburuz egingo den parte hartze lanketa honetan, fase desberdinak bereizten ditugu. Anoetan (herri bakoitzean desberdina atera daiteke), datorren astetik aurrera, herritarren eta hondakin sortzaile berezien iritzia bildu nahi dugu. Horretarako, telefono deiak egingo dira herritarrei eta etxe guztietara banatuko den galdetegi bat ere osatu dugu, erantzun ondoren herrian zehar egongo diren postontzietara eraman beharko dena. 
 
Balorazio eta proposamen bilketa honetan, bestetik, komertzio, edaritegi, jatetxe eta bestelako sektoreetako sortzaile bereziei bisita pertsonalizatuak egingo zaizkie, euren esperientzietatik eurentzat osatutako eredua ere hobetzeko asmoz. 
 
Gainera, herriaren gune desberdinetan ideiak biltzeko panelak jarriko ditugu. Bertan, herritarrek, sistema hobetzeko euren ideiak papertxoetan idatzi eta paneletan jartzea proposatzen delarik. Horrela, bide desberdinak zabaldu nahi ditugu herritarrek euren proposamen eta balorazioak egiteko aukera izateko. Behin iritzi guztiak bilduta, horien lanketa egingo dugu, eta ondorioak ateratzen saiatu. Horrela, herritarren eta sortzaile bereziek sistema berria perfekzionatzeko proposatzen dituzten ideiak eta iritziak bildu ondoren, horren inguruko barne lanketa egingo dugu teknikariekin batera. 
 
Hobetzeko proposamen eta balorazio horiek landu ondoren, beraz, herritarrekin elkartuko gara. Bilera parte hartzaileak deituko ditugu herritarrekin, eta hortik ateratako ondorioen arabera, sistema hobetzeko pausoak emango dira. 
 
Badakigu, bere egunerokoan sistema bizi duenak, hark duela zer esanik gehien. Esperientziatik hitz egiteko aukera dute herritarrek parte hartze prozesu honetan, eta aberasgarria izango delakoan gaude geroz eta herritar gehiagoren bizipenetik jasotako proposamen eta balorazioak izatea. 
 
Guztiok egiten dugu posible sistemak funtzionatzea; herritarren parte hartzerik gabe, egunerokoan sistemak balioko ez lukeen bezalaxe, sistema hobetzeko garaian ere, parte hartzaileak behar ditugunez, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu parte hartzera. Deiei erantzunez, galdetegia erantzunez edota herrian jarritako panelen bidez. Egunerokoan sistemaren parte denak baina gehiago ez baitaki inork. 
 
Ziur gaude, herritarrekin eginda, prozesu honen bidez ere alde ederra egingo dugula. 
 
Zurekin, alde ederra!

Orendainen ondoren, Orexa, Berrobi, Elduain, Aduna, Altzo eta Amezketa ere zero zabor herri

 
Ekitaldi xumea izan da, Orexako Udaletxeko ganbaran egin duguna. Orexako alkate den Eneko Maiozek hartu du hitza lehenik, honek, 7 zero zaborren izenean hitz egin du, batez ere, herritarrei emanez eskerrak.
 
Herritarrek euren ardura ongi betetzen dutenez, ereduak ere aurrera egiten baitute eta beraz, aldaketa egoki ematen ari dira herriak. Organikoa kudeatzeko konpostajea erabiltzen dute 7 herriek, eta beraz, zabortegira ematetik urtean tona ugari aurrezten dira.
 
Tolosaldeko Mankomunitateko lehendakari den Ainhoa Ugaldek ere esker oneko hitzak izan ditu gaurkoan. Gainera, 7 herri hauez gain, aurrera begira, bide berean lanean ari den beste 4 herri ere gogoratu ditu (Lizartza, Asteasu, Alkiza eta Berastegi. Ugaldek, esker ona erakutsi die 7 herriei eta euren herritarrei ere, eta horregatik, euren lanaren eskertzan, oroigarri bat eman die 7 herrietatik gerturatu diren alkate eta ordezkari politikoei. Lehendakariak azpimarratu moduan, eskualdean helburua oraindela bi urtetatik ongi markatuta dugu, herriek badakite zein den jomuga, eta horren erakusle dira eredu desberdinak aurrera eramanez, helburu berarekin lanean ari diren herriak. Hala, zero zabor herriekin batera, atez atekoa ezarrita duten herriekin, alde handia markatzen ari garela adierazi du. Birziklapen datuak irauliz, eta eskualde hobe baten bidean. 
 
               
 
Azkenik, Iñaki Errazkin Ingurumen Diputatuak hartu du hitza. Eskualdearen lan ona txalotu nahi izan du, bereziki 7 herriena, eta adierazi du, Gipuzkoan gauzak ongi egiten ari garela. Erraustegia gelditu izana, herritarren esker izan dela dio, eta organikoa bereiziz, eta konposta eginez, lortu ahal izan dela erraustegia eraikitzeko lanak geratzea. Zero zabor izango den Gipuzkoaz hitz egin du, eta herritarrei eskerrak eman dizkie, bide horretan euren parte hartzea baita garrantzitsuena.
 
Gerturatutakoek txaloka zoriondu dituzte 7 herriak. Ekitaldia behin amaituta, Orexako eredua ezagutu dugu, Eneko Maiozek bertan dauden konposta komunitarioak-eta erakutsi dizkigularik.
 

Aduna saritua, hondakinen kudeaketarengatik

 

Bide onetik goazela erakusten digu Conama Fundazioaren 2013ko iraunkosrtasun sarietako bat Adunari emateak. Izan ere, Conama Espainiar Estatuko fundazio bat da, Fisikari Elkargoak sortutakoa, iraunkortasun arloan egiten du lan eta bere sariek Espainiako Gobernuaren eta Granadako Diputazioaren babesa dute. Aduna hondakinen inguruan egiten ari den lanketak maila honetako onarpena izateak, proiektua amaitzeko geratzen zaizkien pausoak emateko bulkada izango delakoan gaude.

Adunako herriaren proiektua, estatu mailako Fundazio batek hain ondo baloratzeak,  eskualde osoarentzat goraipamen moduan hartzen dugu, eskualde osoaren ibilbidearen   adibide baita Aduna ere.

Izan ere, Adunak bere ardura erakutsi du hondakinen kudeaketaren inguruan eta horren lanketa egiten ari da. Eskualdean, asko dira dagoeneko euren lanketa egin dutenak, eta gehiago ere badira, bideragarritasun egokiago baten bila, etorkizunean aldaketak egingo dituztenak.

Amaitzeko, Mankomunitatetik, Adunatar guztiak zoriondu nahi genituzke, halako proiektuak,  herritarrekin batera ateratzen baitira aurrera. Sari honek, proiektua amaitzeko geratzen  zaizkien azken pausoak emateko indarra emango die herritarrei, eta aurrera begira, herri  eredugarria izango da euren lanari esker. Zorionak beraz, Aduna!

Conama sarien inguruko informazioa hemen.

 

Atez ate eta zurekin, alde ederra!

Hilabete hauetan denok egokitu behar izan dugu sistema berrira. Herritarrek sistema honen inguruko mamuak uxatzeko aukera izan dute eta sistema bertatik bertara euren etxeetan ezagutzekoa ere bai. Gainera, bakoitzak egiten duen ahalegina zenbakietan isladatzen dela baieztatu dugu datuekin, eta denon lanari esker, gaikako bilketa datuak irauli ditugula ikus dezakegu.
 
Honako datu hauek erakusten digute birziklapenaren alde eta zero zabor norabidean benetan zerbait egin nahi badugu, bilketa eredu hau egokia dela. Lehen hilabete hauetan, 5 herri hauetako gaikako bilketa datuak irauli ditugu, %14,5etik %84,7ra eramanez. Hau bai dela ondo egitea.
 
Atez ateko sistema baten alde egitearen erabakia berretsi egiten dute datuok, izan ere, organikoa
selektiboki biltzean eta birziklatzea derrigorrezkoa izatearekin, zabortegira doan hondakin kopurua nabarmen murriztu da.
 
5 udal hauek, hasieratik azaldu zuten moduan hondakinen gaiarekin ere arduraz jokatuko zutenaren
hitza eman zuten. Horregatik, herritarrei gaika ongi sailkatu ahal izateko beharrezko baliabideak eskaini dizkie eta egoki kudeatu direnez ezarpenak, emaitzak berehalakoak izan dira.
 
Atez ateko sistemaren ibilbidea oso ona izaten ari da eta aurreikuspenak betetzen ari gara hilabete hauetan. Sistema berri bat ezartzeak sor ditzakeen ustekabeko jakin batzuez gain, bilketa normaltasunez burutzen da egunero, aparteko arazorik gabe.
 
Zoritxarrez, badira herritar batzuk oraindik ez dutenak onartu atez ateko bilketa sistema. Birziklatzea
herritarren ardura da, baina antza horrek arazoak sortzen dizkie hainbat herritarri. Baina eurek ez parte hartzeak ere kaltetzen ditu gainerako herritarrak. Izan ere, kalean zabor poltsak uztea ez da inorrentzat soluzio. Hondakin guztiak nahastuta kalean uztean, usain txarrak sortzen dira, eta bizilagunentzako errespetu falta izateaz gain, arriskua ere bada.
 
Horregatik, eta Mankomunitatearen ordenantzak hala adierazten duelako, herri bakoitzerako zehaztu den bilketa eredua ez errespetatzeak eta hondakinak leku desegokietan eta emandako baliabideak erabili gabe kalean uzteak, arau-hausteak dira. Hasieran ere esaten genuen bezala, eman aukera atez atekoari. Herritarren gehiengoak eman dio, eta guztien artean lortutako emaitzak paregabeak izaten ari dira.
 
Amaitzeko, berriz zoriondu nahi ditugu Alegia, Anoeta, Irura, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo herritarrak, hilabete gutxi hauetan lortutako emaitza onengatik.
 
Orain artean bezala, Udaletan zein herri bakoitzeko informazio bulegoetan edozein zalantza edo arazoren aurrean irtenbide bat emateko prest izango gara. Bide onetik goaz eta herritar guztien esfortzuari esker, emaitzak hala izaten jarraituko dutela ziur gaude. Herri, eskualde zein Gipuzkoa hobe, ederrago eta osasuntsuago bat lortzeko bidean ari gara. Ondorengoek eskertuko dute.
Zorionak! Alde ederra egiten ari gara!
 

Urtebeteko datuen aldaera ikusirik, adierazgarria da ekainetik aurrera izandako aldaketa. Argi erakusten du atez atekoa jarri arteko edukiontzien sistemak, ez zuela gehiagorako ematen. Aldiz, atez atekoa jarri zenetik, emaitzak iraultzea lortu da. Goranzko joera nabari da ere apirila eta maiatzean. Hau, besteak beste, “birziklapen bira” sentsibilizazio kanpainaren ondorio izan da.

Aurreko datuek bezala, baina era argiagoan erakusten du irudi honek, zer nolako aldaketa suposatu duen atez atekoak gaika sailkatzeari dagokionean. Saltoa, izugarria izan da. Zabortegira sortutako hondakinen %85,5 ematetik, %15,3 soilik ematera pasa gara. Horrek duen tratamentu gastu guztia aurreztuz.

 

Atez atekoari esker, gaika sailkatzea nahitaezko bihurtu da, eta orduan eman da gaika sailkatzearen
inguruan saltoa. Hala, nabaria da iazko irailean eta aurtengo irailean atez ateko herrietan bildu den hondakinen sailkatzeak izan duen aldaketa. Diferentzia benetan eragiten duena, materia organikoa bereiztea da. Lehen zabortegira eramaten zen hondakin guzti hori, gaur egun ongarri bihurtzeko erabiltzen da. Gauzak ongi egitean, emaitzak ere onak izaten dira.
 
Orokorrean, gaika sailkatzeak izan duen goranzko hori, gaika banatuta honela izan dela ikus daiteke.
 
 
-ONTZI ARINAK: hau da igoera nabarmenena. Eta hori, ontzi arinen pisua oso arina denik. Lehen eta oraingo datuak alderatuta, hilabete batzuetan, 3 aldiz gehiago sailkatu dela azpimarratzekoa da. Kaleko edukiontzien sistemaren bitartez, ezingo genukeen lortu halako emaitzarik. Gainera, birziklagarria izanik, sailkatu ondoren birziklatzera bideratzen diren ontzi arinengatik diru-sarrera datorkio Mankomunitateari.

-PAPERA ETA KARTOIA: frakzio honen goranzkoa ez da ontziena bezainbestekoa izan, ontziak baino gehiago bereizten genuen frakzioa delako. Hala eta guztiz ere zer hobeturik bazegoen, hala, hilabete batzuetan datuak bikoiztu egin direla ere ikusten da.(Kontutan izan behar da, Villabonako herritarrek paperaren edukiontziak dituztela herrian eta bertan bakarrik egindako bilketaren pixaketa aste betean egin dela eta datu honekin hilabete bateko kopurua kalkulatu da). Papera eta kartoia sailkatuta birziklatzera bideratzen dira eta hauek ere diru-sarrera dira.

-ERREFUSA: nabarmena da jauzia. Ohiturak aldatzea zaila izaten den bezala, datu hauek sistema berdinarekin jarraituz hobetzea ere hala zen. Atez atekoaren bidez, herritarrek gaika sailkatzeko ardura bete egiten dute, eta era honetara soilik eman ahal izan da errefusak eman duen jauzi hau. Hondakin ez birziklagarria bakarrik bideratzen da zabortegira eta ahalik eta gutxien sortzea da gakoa. Izan ere, zabortegien itxiera araututa du Europako legeak .
-ORGANIKOA: atez ate biltzen hasi bitartean ez da inoiz hondakin honen bilketarik egin gure eskualdean, beraz 0kg biltzetik, hilean 78.000kg inguru biltzera igaro gara. Hondakin organiko guzti hau, zabortegira ez doala esan nahi du eta ongarri bihurtzeko erabiliko dela. Zabortegian kalte handiak egitetik, baratze eta lorategiei on egitera bideratzen dugu guztia. Gainera, organikoa kudeatzeko konpostajea ere erabitzen dute herri hauetan, auzokonposta bidez edo autokonpostaren bidez, 350 familia inguruk parte hartzen dutelarik. Hala, atez ate biltzen diren kopuru guztiei, konpostaren biden urtean biltzen diren 100 tona inguru ere gehitu behar zaizkie.
 
OHARRA: erabili diren datu guztiak, atez ate biltzen diren gaienak dira (papera, ontzi arinak, materia organikoa eta errefusa), beira, arropa, pila eta bestelakoak ez dira barnebiltzen datu hauetan.

 

Ikaztegietan ere atez atekoaren inguruko informazio bulegoa ireki dugu

Hala, atez ateko bilketa sistema Ikaztegietan nola garatu lantzen hasi ziren Ikaztegietako Udala, Tolosaldeko Mankomunitatea eta teknikariak. Irizpide tekniko eta ekonomikoak oinarritzat hartuz, herriarentzat kudeaketa egokiena diseinatu zuten elkarlanean, eta orain, hau herritarrei azaltzeko lanetan hasi dira. Batetik, gizarteratze prozesua deitu zaien batzar informatiboak izan dira pasa den ostiral eta larunbatean. Gainera, aste honetatik aurrera,  herritarrei zuzenduta egongo den informazio bulegoa ere irekita izango da.

Batzar hauetan, Iker Otamendi alkateak Udalak erabaki hau hartzeko izan dituen arrazoi desberdinak azaldu zituen, hala, ingurumenarekiko errespetua, herritarren ongizatea, bideragarritasun arrazoiak eta arrazoi ekonomikoak azaldu zituelarik.

Teknikariek euren aldetik, atez ateko hondakin bilketa proposamenaren  berri eman zuten, aspektu teknikoak azalduz. Herria, bitan banatutzen da; landa ingurua eta herriko nukleoa. Bi hauetan, sistemak aldaera batzuk izango dituelarik. Hondakinen bilketa efizienteagoa izan dadin, landa ingurukoentzat 2 ekarpen gune izango dira, eta bertara eramango dituzte euren hondakinak, gaika sailkatuta. Gune hauetan sartu ahal izateko, giltza izango dute herritar hauek, eta nahi dutenean erabili ahalko dituzte.

Herriko gunekoek, berriz, portal edo ate ondoan kuboa utziz funtzionatuko dute. Egun bakoitzean, iluntzean, dagokion hondakina aterako dutelarik. Herritar hauek, emergentziaren bat dutenean edo hondakin kopuru handiak dituzten egunetan, landa eremukoen erabilekoak diren ekarpen gune horiek erabiltzeko aukera ere izango dute.

Alegiarekin duen gertutasunarengatik eta bilketa lanak errazago egiteko, bertako egutegi bera izango du Ikaztegietak ere. Kubo motak ere bai eta orokorrean, sistema bera izango da.

Ikaztegietaren kasuan, eta teknikariek azaldu bezala, edifikazio ez oso altuak izatean, kuboak zutabeetan zintzilikatu ordez, lurrean uzteko aukera eman diete herritarrei gehien bat. Hala, egunean zehar ez da ezer egongo kalean. Teknikari taldeak, euren proposamena egin dute, kuboak non utzi adieraziz, argazki muntai batekin. Argazki hauek, portal bakoitzean egongo dira ikusgai, eta azaroaren 5 arte izango dute herritarrek, euren aldaketak edo egiteko.

Paperaren edukiontzi komunitarioa nahi duten etxebizitzek, egun horretararte izango dute beta, honen eskaera egiteko.

Alegazioak eta eskaerak egiteko zein edozein galdera edo informazio  eskuratzeko, informazio bulego bat izango da irekita, urriaren 22tik aurrera Ikaztegietako Udalean. Astearteetan goizeko 9:00etatik 11:00etara eta asteazkenetan arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara izango da irekita. Bertan, hezitzaile bat egongo da, eta atez atekoaren inguruko azalpen guztiak emateko prest izango da. Bertara ezin dutenek, ikaztegieta@tolosaldekomankomunitatea.eus edota honako zenbaki honetara deituta egin dezakete: 661559757.

Azkenik, behar bereziak dituzten herritarrekin, Udaleko gizarte langilea jarriko dela harremanetan adierazi nahi dugu.

 

Informazio bulegoa, Udaletxean:

Astearteetan, 9:00-11:00

Asteazkenetan, 18:00-20:00

ikaztegieta@tolosaldekomankomunitatea.eus

661559757

Atez ateko bilketa nola izango den informatzeko gizarteratze prozesua Ikaztegietan

 

Azterketa teknikoen arabera eta inguruko herrietan ikusi dena­ren arabera, atez-ateko zabor bilketa da gehien birziklatzen duen eredua. Aukera honekin, ikaztegietar guztien artean zaborren kudeaketa egokia egin ahalko dute.

Atez-atekoaz gain, bada organikoa kudeatzeko beste modu bat; konpostajea. Aspaldidanik, herritar batzuk euren materia or­ganikoa konposta bidez lantzen hasi ziren. Emaitza oso positiboa izan da eta norberak bere hondakin organikoak kudeatu eta bara­tzerako konposta lortzeko era egokiena da. Aurrekoaren emaitzak ikusirik jada eman dute beste 25 pertsonek izena bigarren ikastaro baterako. Beraz, konposta egitera animatu nahi ditugu herritarrak.

Gure helburu nagusia, ahalik eta gehien birziklatuz, errefusa, hau da, material ez birziklagarria kopuru oso txikietara eramatea da. Tolosaldean, %34ko birziklapen tasa baxua dugu, %80ra iritsiko gara bilketa berriarekin. Lehengaien neurrigabeko ustiaketaren aurrean, birziklatuz, lehengai horiek bueltan jarriaz euren be­rrerabilpenerako.

Hala, atez atekoa jada martxan duten herrietan, kopuru horiek gainditu direla ikusi ahal izan dugu azken hilabeteetan. Alegia, Irura, Anoeta, Zizurkil eta Villabonan, birziklapen datuak irauli egin dira, eta aurrez emandako datuetatik, irailean %83a birziklatzera iritsi dira. Hau da, %17a soilik bideratu dute herri horietan zabortegira. Aurrez zen %66arekin, aldea handia da oso.

Ikaztegietarentzat eta eskualde osoarentzat hoberena egitera goazenaren segurtasuna dugu, eta herritarrei euren konfiantzarekin jarrai dezatela eskatu nahi diegu. Informazioa eman eta beharrezko zalantza guztien azalpenak egiteko, gizarteratze prozesuan parte hartzera dei egin nahi diegu herritarrei. Bilera hauek, urriaren 18an, iluntzeko 20:00etan eta urriaren 9an goizeko 11etan izango dira.

Bertaratu ezin dutenek, aukera izango dute  hurrengo astetik aurrera Udaletxean egongo den informazio bulegoan beharrezko informazio guztia eskuratzeko.

Aipatu nahi dugu ere,  behar bereziak edo menpekotasuna duten herritarrekin, Udaleko gizarte langilea jarriko dela harremanetan.

GIZARTERATZE PROZESUA: Urriaren 18an, 20:00etan edo Urriaren 19an, 11:00etan